XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

36. Zer esanen dut, beraz, ene argi, ene egi?

Alperrik esana dala?

- Ez iñola ere, Aita zintzo! utikan Zure itzaren otseiñak ori esatea!

Izketa ontan zer esan gogo duzun ulertzen ez ba'dut ere, azter bezate obeki obeek, ots, ni baiño adimentsugoek, bakoitzari eman diozun iakitearen ariora.

Atsegin bekizu nere aitorkizun au, begi oietan aitortzen baitut, Iauna, siñesten dutala, etzerala alperik ola mintzatu.

Ez diot ixilduko ere irakurketa onek idarokitzen didana.

Egia da, bai, ez dut ikusten zerk eragozten didan Zure liburuetan iduripean dauden esanak ola ulertzen.

Ikusten dut, bai, gorputzak askotara adierazten dula adimenak alde bakarrera ulertzen duna; eta adimenak askotara ulertzen dula, gorputzak alde batera adierazten diona.

Ara Iainkoa ta urkoa maitatze soilla zenbat izkutuz eta zenbat izkuntzaz eta izkuntza berean zenbat aldetara adierazten dan gorpuz-bidez.

Onela azitzen dira eta ugaltzen uraren umeak.

Soizu berriro au irakurten asi zeran orrek: idaztiak alde batera ta soiñu batean diagona: Iainkoak asieran egin zitun zeru-lurrak, ez al da askotara ulertzen, gezurraren ustelez ez-baiña egiazko adiera askoz?

Onela azitzen eta ugaltzen dira gizakumeak.

37. Beraz, gauzen sorkunak iduribidez ez-baiña iator artzen ba`ditugu, azietatik sortzen diran guzieri dagokie itz au: azi zaitezte ta ugaldu.